XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

Kontakizunaren momentu honetara iritsi zenean, Xerazadek ikusi zuen egunsentia urratzekotan zegoela eta isildu egin zen zuhurtziaz, erregek eman zion baimena gehiago erabili gabe.

Orduan, Duniazade bere ahizpak honela hitzegin zion:

- Ahizpa nerea, zein gozo eta mamitsuak diren atsegintasunez betetako zure hitzak!

Xerazadek erantzun zion:

- Aurreko horiek hutsaren ordeko besterik ez dira datorren egunean kontatu behar dizkizudanen ondoan, bizirik jarraitzen badut eta erregek gorde nahi banau.

Eta erregek, hori entzundakoan, esan zuen bere golkorako: Alagatik! Ez dut hil behar istorio honen jarraipena ezagutu arte.

Horren ondoren erregek eta Xerazadek besarkaturik pasatu zituzten gauaren hondarrak.

Bere garai eta orduan, epaitegi nagusiaren buru bezala bete behar zituen lanak egitera joan zen Xariar erregea.

Eta ikusi ere ikusi zuen nola heltzen zen bisirra bere ateraino, besapean Xerazaderentzako hiloihala zuela, hila izango zela pentsatzen bait zuen.

Baina subiranoak ez zion horrelako ezer esan eta zuzentasuna eta legea beterazteko epaiketa lanetan ihardun zuen, zenbait eginkizunetarako funtzionari berriak izendatuz, behar adinako suarekin lan egin ez zutenak bere langintzetatik kenduz, eta antzeko beste zenbait arazotan egunaren amaiera iritsi zitzaion.

Bisir jauna erabat txunditurik joan zen bere alabak oraingoz bizirik jarraituko zuela jakin zuenean.

Epaitegiko lanak bukatu zirenean, Xariar erregea bere jauregira itzuli zen.